Hamen Bertokoa

Inprimatu

 

I 2019ko martxoa

Otsailaren 28an Hamen Bertokoa proiektuaren jende aurreko aurkezpena egin zen Markina-Xemeinen.

Aurkezpenean proiektuaren nondik norakoak azaldu eta herritarrei parte hartzeko deialdia zabaldu zitzaien. Horrez gain, Hamen Bertokoaren logoa, marka eta webgunea ere aurkeztu ziren (www.hamenbertokoa.eus).

Hamen Bertokoa Lea-Artibain ekoiztutako elikagaiak eskualde honetako herritarren artean ezagutzera emateko proiektua da, eta produktu horien ekoizpena eta kontsumoa sustatzea du helburu.

Azken urteotan, nekazari eta abeltzain kopurua jaitsi egin da, eta errelebo falta ere badago. Gainera, janari osasuntsuarekiko kontzientzia zabaltzen ari da herritarrengan, baina bertoko produktuak erosteko ohitura murriztu egin da. Egoera horri aurre egiteko, Lea-Artibain egindako elikagaiak bertoko kontsumitzaileei eskura ipintzea beharrezkoa da. Beraz, bide horri ekin zaio Hamen Bertokoa proiektuarekin.

Eskualdeko baserriak eta herrietako denda, jatetxe eta tabernak ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarriak izatea lortu nahi da. Horretarako, berton ekoiztu eta modu arduratsuan kontsumitzea errazteko hainbat ekintza jorratzen dira egitasmo honen baitan: Hamen Bertokoa zigilua sortu eta indartu; kontsumitzaileak kontzientziatzeko kanpainak egin; Hamen Bertokoa elikagaiak darabiltzaten denda, taberna, jatetxe eta ostatuak sustatu; eta proiektuko kideak (ekoizle, merkatari eta ostalariak) biltzen dituen katalogoa sortu eta zabaldu. Bestalde, elikagai horiek Lea-Artibaiko jangela, denda eta tabernetara helarazteko sarea bat ere sortuko da.

Esan bezala, biztanleria da proiektu honetako ardatzetako bat; hortaz, Hamen Bertokoa elkartearen kide izateko aukera dago webgunean, proiektuari babesa eskainiz. Horrela, informazioa lehen eskuan jasotzeaz gain, egingo diren zenbait zozketatan edo ekintza berezietan parte hartu ahal izango dute kideek.

www.hamenbertokoa.eus.