Lea Artibai Fest’19

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

I 2019ko azaroa I

Beste urte batez, Leartibai Garapen Agentziak Lea Artibai Fest ekitaldia antolatu du, udazkeneko turismoa dinamizatu eta bisitari zein eskualdeko bizilagunei, jardunaldi ezberdinen bitartez, inguruko ondarea eta gastronomia ezagutzeko aukera paregabea eskaintzeko asmoarekin. Ekimenak bi helburu ditu: batetik, behe denboraldian turismoa sustatu ahal izateko, gure eskualdera bisitariak erakartzeko aukerak handitu nahi dira, eta bestetik, gastronomia eta kultura uztartzen dituen hainbat ekimen garatzea. Horrela, azaroaren 1etik 3ra bitarteko zubian, hainbat ekintza antolatu ziren, itsasoa eta lurra gai nagusi hartuta.

Lea Artibai Fest’19 jardunaldiak azaroaren 1ean hasi ziren Lekeitioko Santa Katalina Itsasargira egindako bisita gidatu batekin. Itsas-nabigazio teknikak ikasi ondoren, parte hartzaileek Ibai-Gane jatetxeak eskainitako pintxo dastaketa batez gozatzeko aukera izan zuten. Bertako produktuekin egindako 2 pintxo, hain zuzen ere: sasoiko txipiroia eta itsas-entsalada. Bizkaiko txakolina ere probatu ahal izan zuten.

Arratsaldean, berriz, Santa Eufemin (Aulesti) dagoen “Larruz” gaztandegia ezagutzeko aukera egon zen. Eskualdean dagoen ahuntz gaztandegi bakarra da, eta bertako arduradunek (Iban eta Gorka Muniozguren anaiak) gaztaren elaborazio prozesua azaltzeaz gain, beraiek ekoitzitako produktuak ezagutzera eman zituzten. Bukatzeko, produktu horietako batzuen dastaketa egin zen.

 

 

 

 

 

 

 

Azaroaren 2an, iazko bisitak izandako harrera ona kontuan hartuta, antolatzaileek berriz ere Marierrota interpretazio zentroa bisitatu eta taloak egiteko aukera eskaini zuten. Arratsaldean, Ondarroari egokitu zitzaion txanda. Herriko zubien istorioak ezagutu ondoren, eskualdeko produktuen dastaketa egin zen Beikozini aretoan. Bertan, Jose Antonio Axpe enologoak txakolinaren eta sagardoaren berezitasunak aurkeztu zituen.

Jardunaldiekin bukatzeko, azaroaren 3an, Markina-Xemeinen zehar bisita monumentala egin zen. Ondoren, parte hartzaileak Antsotegi hotelera abiatu ziren eta bertako produktuak dastatu ahal izan zituzten: gazta, gozoak, txakolina, zukuak, eta abar. Gainera, hotelaren eta eraikinaren inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuten, Julen Hernandoren (bere arduradunetako bat) eskutik.

Laburbilduz, Lea Artibai Fest’19 ekimena oso arrakastatsua izan da, partaideek batez besteko 9-10 bitarteko puntuazioa eman baitiote ekintzei. Horrelako ekintza gehiago antolatu behar direla uste dute, eskualdean ditugun baliabideak ezagutzera emateko. Jatorriari dagokionez, Gasteiz eta Bilbokoak izan ziren bisitari gehienak, baina eskualdekoak ere egon ziren.

 

 

 

 

 

 

 

AGENDA

Azkeneko hilabetea Abendua 2019 Hurrengo hilabetea
A A A O O L I
week 48 1
week 49 2 3 4 5 6 7 8
week 50 9 10 11 12 13 14 15
week 51 16 17 18 19 20 21 22
week 52 23 24 25 26 27 28 29
week 1 30 31