BERRIAK / Eskualdeko Proiektuak
Leartibai Garapen Agentziak Markina-Xemeingo Urriko Azoka Nagusian parte hartu du aurten ere
I 2019ko urria I
Gure eskualdearen nortasunaren ohiko adierazpenak turismo jarduerarekin lotu nahian, Leartibai Garapen Agentziak Markina-Xemeinen ospatu den Urriko Azoka Nagusian parte hartu du, beste urte batez.
Azoka Lea Artibai Landa Garapenerako Alkarteak antolatzen du, eta Leartibai Garapen Agentziak, Uhagon Kulturgunearen babesarekin, turismoarekin lotutako hainbat ekimen eskaini zituen.
Aurten, eskualdeko turismo informazio puntua jartzeaz gain, Uribe, Busturialdea- Urdaibai eta Durangaldeko eskualdeen informazioa ere eskaini zen, eta Bizkaia era zabalago baten agertzea lortu zen.
Familiei zuzendutako hainbat tailer ere antolatu ziren. Batetik, ortu bertikala sortzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Bertan, etxean birziklatutako ontziekin, ortu txiki bat garatzeko pausuak ikasi zituzten, eta sortutakoa etxera eraman ahal izan zuten. Bestetik, Euskadi Gastronomikaren ekintzen baitan, eta Hamen Bertokoa proiektuaren lankidetzarekin, eskualdeko produktuekin egindako pintxo dastaketa bat antolatu zen, horiek gertutik ezagutarazteko helburuarekin.
Bi ekintzek harrera ona izan zuten parte-hartzaileen artean, eta horrelako ekintzak antolatzen jarraitzeko eskatu zuten. Tailerretara gerturatu zirenak, eskualde, Bizkaia zein Gasteizkoak izan ziren. Azken horiek, asko estimatu zuten bertako jendearen harrera eta Markina-Xemeingo giro ederra.
2020. urteari begira, familia-turismoari zuzendutako eskaintza garatu eta azokako eskaintzarekin elkarlana sustatu nahi da.
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL