LEARTIBAI GARAPEN AGENTZIA eskualdeko enplegua suspertzen
I 2020ko abendua I
Leartibai Garapen Agentziak Lan bila enplegu programa jarri du martxan, Lea-Artibai eskualdean enplegua suspertzeko helburuarekin.
Covid-19ak sortutako krisiak eragina izan du eta izaten ari da eskualdeko biztanleen enplegagarritasunean. Alde batetik, gazteak zailtasunak izaten ari dira lan-munduan murgiltzeko eta, bestetik, zenbait pertsona langabezian geratu dira azken hilabeteetan pandemiaren eraginez. Hori ikusita, Garapen Agentzia laneratze zerbitzua eskaintzen hasi da Lan bila programaren bitartez, langabetuei laguntza, orientazioa eta aholkularitza emateko, lehenbailehen lana aurkitu dezaten.
Programaren saioetan laneratzeko garrantzitsuak diren alderdi profesionalak eta pertsonalak identifikatu eta baloratuko dira, ondoren, langabeari bere intereseko lan-merkatura hurbiltzeko estrategia bideratzen laguntzeko. Langabetuaren diagnostikoa eta profila egiterakoan, bere curriculum ezkutua ere baloratuko da; hau da, esparru pribatuan garatutako trebetasunak, lan-merkatura transferitu daitezkeenak.
Lan bila eskualdeko udalen ekimen bat da, Covid-19aren ondorioei aurre egin eta herrietako ekonomia berraktibatzeko. Baina ez da aurrera eraman duten neurri bakarra, langileak kontratatzeko laguntzak ere atera baitira. Laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako enplegua sustatzeko tokiko ekintzen dirulaguntzen baitan kokatzen dira.
Lan bila programa eta laguntzei buruzko informazioa guztia www.leartibai.com helbidean dago eskuragarri.
Programan parte hartzeko interesa dutenak Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu helbidera idatzi edota Leartibai Garapen Agentziaren hiru bulegoetako batera (Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroa) hurbildu daitezke.
Enplegurako programa tailerra
Lan bila ekimenarekin lotuta, Leartibai Garapen Agentziak enplegurako programa tailerra ospatu du abenduaren 15ean eta 16an, Lea Artibai Berrikuntza Gunean. Tailerra lana bilatu nahi duten gazteei eta Covid-19aren eraginez langabezian dauden pertsonei zuzenduta egon da eta bi saiotan banatu da. Parte hartzaileek curriculuma nola egokitu eta hobetu ikasi dute, mundu digitalean lana bilatzeko baliabideak jaso dituzte eta lan elkarrizketak prestatzen trebatu dira, besteak beste.
* Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak finantzatu du programa.