LEARTIBAI NEWSLETTERRA ABIAN DA
Leartibai Garapen Agentziak News Leartibai izeneko buletin elektronikoa sortu du eta hileroko maiztasunaz bere jardueren berri emateaz gain, toki garapenaren esparruan informazio baliagarria zabaltzea du helburu.
Buletinaren egituratik ondorioztatu daitekeen bezala, atal ezberdinak izango ditu. Alde batetik, Ikuspegia atalean, toki garapenaz erlazionaturiko gai bat jorratuko da sakonean. Berriak atalean, garapen agentziako jarduerekin bat datozen berriak jasoko dira. Alegia, Merkataritza, Turismoa, Eskualdeko Proiektuak, Mikroenpresak eta Ekintzailetza azpiataletan banatuta.
Garapen Agentziak, behatoki sozioekonomiko bat ere kudeatzen du eta buletin elektroniko bakoitzean, azken datu esanguratsuenen berri emango da. Honetaz gain, enpresei zuzenduriko dirulaguntzen berri emango da eta halaber, Agentziatik antolatzen diren ekitaldien berri, agendan. Argitalpenak atalean berriz, Garapen Agentziak egiten dituen beste publikazio batzuk ere eskura izango dira.
Leartibai Garapen Agentzia 2002 urtearen bukaera aldera hasi zen martxan, eskualdeko gainontzeko eragileekin elkarlanean, Lea Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren alde eragiteko. Berriatua, Etxebarria, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein eta Ondarroako udalek sortu zuten, eskualdeko aktibitate ekonomikoen berrikuntzan, ekintzailetzan eta herrien garapenean eragiteko tresna bezala. Azaro Fundazioarekin elkarlan estuan dihardu eta baita eskualdez gaindiko beste eragile batzuekin (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Basquetour, SPRI eta Bilboko Merkataritza Ganbera besteak beste).
Irakurle guztiak gonbidatzen ditugu hobekuntza proposamenak egitera, buletin elektroniko hau ahalik eta baliagarriena izateko denontzat.
Agur bero bat Garapen Agentziako talde osoaren izenean.
JPAGE_CURRENT_OF_TOTAL